BIDEOA. Talde kriminal bat desegin du ogasunetan 40 milioi euroko iruzurra egiteagatik

Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako salaketaren ondoren, eta Donostiako Epaitegi batek gainbegiratuta, Ertzaintzak “Martzi” izeneko polizia-operazioa amaitu zuen joan den astean. Operazioari esker delitu ekonomikoak egiten zituen talde kriminal bat desegin du, eta susmatzen da 40 milioi euroko iruzurra egin duela erregaien handizkako salmentan BEZa ez aitortzeagatik.

Sare honi sei delitu leporatzen dizkiote: ogasunaren aurkakoak, dokumentuak faltsutzea eta kapitalak zuritzea, besteak beste. Guztira 11 pertsona daude inplikatuta, eta epailearen aurrera eraman dituzte, batzuk atxilotuta eta beste batzuk ikerketapean. Ustez taldearen buru dena espetxean sartu dute eta gainerakoak aske utzi dituzte, nahiz eta 40 milioiko fidantza solidarioa jarri beharko duten.

Operazioan Mossos d’Esquadra kidegoaren eta Guardia Zibilaren laguntza izan du Ertzaintzak, arrastatze eta miaketa batzuk besteak beste Lleidan edo Madrilen egin baitira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aktuario gisa jardun dute. Dirutan 91 mila euro eta luxuzko zortzi ibilgailu, horietako batzuk ehun mila euro inguruko baliokoak, dira taldeari konfiskatutako ondasunetako batzuk. Banketxeko kontuak eta beste aktibo batzuk epailearen aginduz bahitu dizkiete.

Ertzaintza joan den uztailaren hasieran hasi zen ikertzen, Donostiako 3. Instrukzioko Epaitegiak, Gipuzkoako Foru Ogasunak urte hasieran hautemandako irregulartasunen ondorioz jarritako salaketa batean oinarrituta, emandako aginduari jarraituz. Iruzurraren arrastoak egiaztatu ondoren, Foru Ogasunak epaitegietara eraman zuen kasua, eta Zerga Administrazioko Estatuko Agentziari eman zion ikertutako taldearen berri.

Kasua Ertzaintzako Delitu Ekonomikoen Atalari esleitu zitzaion, eta Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuarekin batera egin zuen lan. Gertatutakoa argitzeko prozesuan Gipuzkoako foru-erakundeko bi teknikarik ere parte hartu dute.

Egindako delitua izan da Ogasunean ez ordaintzea talde kriminalak Penintsula hegoaldeko eta ekialdeko gasolina- eta petrolio-enpresei saltzen zien erregaiaren bitartekaritzaren BEZa. Gasolindegi horiek, aldiz, legez ordaintzen zuten orain desegin den taldeak ordaindu gabeko BEZa. Iruzur horren ondorioz, gainera, talde delitugileak merkatukoak baino prezio baxuagoak eskaintzen zizkien gasolindegiei, eta horrekin kalte larria egiten zitzaien zerga-betebeharrak betetzen zituzten lehiakideei.

LEE TAMBIÉN:  La Ertzaintza detiene a un hombre acusado de robar dinero del batzoki de Gernika

Ikerketaren arabera, talde hau 2015aren amaieran eratu zen enpresa gisa, eta 2016an jardun zuen legez kanpo. 2017an bere jarduerarekin jarraitu zuen bigarren merkataritza-erakunde baten bitartez. Bi kasuetan titulartasuna hainbat izen-mailegatzaileen bidez ezkutatzen zuten, eta horiek ere inplikatuen artean daude. Enpresa-aldaketarekin eta izen-mailegatzailea erabilita zerga-administrazioko agentzien lana zaildu nahi zuten. Denbora honetan Irungo industrialde bateko bulego-bloke batean izan dute egoitza bat, eta bertan euren jabetzako lokalak erabiltzen zituzten, eta beste bat alokairuan Madrilen.

Taldeko kide batzuek zuzendaritza-lanak egiten zituzten orain espetxean dagoen buruzagiarekin batera, eta beste batzuek administrazio-kudeaketa lanak egiten zituzten, kapitalak zuritzea barne dela. Beste kide batzuk merkataritza-lanetan aritzen ziren handizkarien eta txikizkarien arteko operazioak burutzeko, eta, azkenik, izen-mailegatzaileen zeregina taldearen jarduera ezkutatzea zen.

Taldeak ia egunero erosten zien milaka euroko balioko erregaia enpresa hornitzaileei, nahiz eta ez zuen produktua ukitu ere egiten eta helmugako puntuetarako banaketa kudeatzera mugatzen zen. Pentsatzen da bi urte hauetan 40 milioi euro inguruko iruzurra egin duela. Horietatik 23 milioi Gipuzkoako Ogasunari egokituko litzaizkioke, eta gainerako 17 milioiak Estatukoari.

Ikerketa urtarrileko lehenengo astean amaitu zen, polizia-operatibo bati esker taldea osatuko luketen hamaika pertsona aurkitu ahal izan zituztenean. Horietako bi Irunen arrastatu zituzten, beste hiru Vielhan (Lleidan), beste hiru Madrilen, bat Ciudad Realen eta beste bat Kordoban. Hamaikagarrenari Madrilen jakinarazi zioten ikerketapean zegoela. Aldi berean hamalau higiezin miatu zituzten: lau Irunen, bost Madrilen, bi Ciudad Realen, bi Kordoban eta bat Lleidan.

Miaketetan dokumentuez, ordenagailuez, telefonoez eta artxibo informatikoez gainera, dirutan 91.000 euro, bitxiak eta luxuzko zortzi ibilgailu, horietako batzuk ehun mila eurotik gorako baliokoak, atzeman zituzten.

LEE TAMBIÉN:  La Ertzaintza alerta de la presencia en Gipuzkoa de un grupo criminal especializado en asaltar a ancianos

Operazioan parte hartu dute kasuaz arduratzen ari zen atalak, Irungo eta Errenteriako ertzain-etxeetako herritarren babeserako eta ikerketaren ataleko ertzainek, Mendebaldeko Pirinioetako Eskualdeko Mossos d’Esquadra kidegoko agenteek eta Guardia Zibileko Unidad Central Operativa (UCO) taldeko agenteek.

Donostiako 3. Instrukzioko Epaitegian epailearen esku jarri ondoren, inplikatu nagusia espetxean sartu zuten eta gainerakoak aske geratu ziren kautelazko neurriak aplikatuta. Hamaika inplikatuek 40 milioi euroko fidantza solidarioa jarri beharko dute. Epailearen aginduz banketxeko kontuak eta bestelako finantza-aktiboak eta higiezinak bahitu dizkiete. Ikerketak zabalik jarraitzen du.

ETIQUETAS: , , , , , , , , ,


JARRAITU HEMEN: Ikusle-rekin azken albisteak Facebook-en bidez

Publica tu comentario

Te invitamos a publicar tu opinión sobre esta noticia. El sistema de comentarios es ofrecido por Facebook y funciona bajo sus condiciones de servicio.


     



↑ Subir

Publicidad - Contacto - Aviso legal - Privacidad y protección de datos
© 2016-2018. Todos los derechos reservados